XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Klara. . (Noizbait harengan erdikusi uste zuen erantzun inposiblea).

Oraingo honetan, halabaina, asperrak bere lana egin baino lehen bukatu da dena, beragandik ez baina besterengan dik sortu etena, eta ustekabeak kupida gabe astindu du.

Norberaren autosufizientziara (irrifarrea eragiten dio orain hitz honek) ohiturik zegoenarentzat iharrausia gehiegizkoa izan du, ez zukeen esango besterik gabe baztertua izatea hain anker izango zitzaiokeenik.

Ondorengo gauen luze iluna dastatu du bihotz betean.

Manuren hitzei kontu egitea deliberatu duen arte. Abialdi aerobikoa.

Behar zuen, bai, zerbait atzera hatsa bereganatzeko, arratsaldeen goibeletik ihes egiteko.

Berrikuntzarik xumeenean salbabidea ikusi uste du.

Gogo-sabaiari itsatsi zaion zapore nardagarria ahantzi, zerotik hasi, ezertan ez pentsatu....

Haizeak nola laztantzen zaituen sumatu soilki, oinaze orotarik garbituko zaituen haizexka masailetan, ileen erroetan, eta kadentziari eutsi, joan zoazela sentitu....

Dagoeneko zuhaitz ahulek ertzinguratzen dute autobidean da.

Kotxe iladak luzatu ohi diren ordua.

Abiada bizian pasatzen ikusten ditu ezkerretik.

Autobus bat jendez gainezka, are gehiago ari da kargatzen ondotik aurreratzen duenean.

Kristalen atzetik begi pare mordoa.

Adibinatzen dituen so hotz epaile horiekin berea ez gurutzatzeko, aurrera begiratu irmoki eta abiadari eusten saiatzen da, abiada geldo honi, inkontzienteki azkartu baitzaio une batez.

Ondorengo uneetan egin behar duena zehazki gogoratzeari ekiten dio, xehetasun guztiez, Manuk esan bezala.

Ordulaurden bakoitzean geldiunetxoa, hamabost segundu itxoin arnasa zerbait oneratu arte eta beste hamabostetan bihozkadak zenbatu; kontu handiz, hortxe baitago ihardun osoaren gakoa; kopuru horretatik berehala ateratzen da minutuko zenbat lituzkeen, eta zifra horrek erakutsiko dio daraman abiada behar bezalakoa den ala ez, aerobian ala anerobian ari den, zeren gertatu baitaiteke agian ariketa osasungarrian dihardualakoan, bihotzaren kabida areagotzen alegia, horixe baita oraingoz komeni zaiona Manuk dioenez, eta Manuren hitzei jarraiki nahi zaie itsu-itsuan gertatu daiteke, bada, bizkorregi joatea ea bihotza zabaldu gabe bihotz hormak sendotzen eta gogortzen ihardutea, eta oraino ez dago horretarako prestatua, ez da gauza oxijeno zorrean aritzeko (atletek egin ohi duten bezala), hori aurrerago datorke, bihotza zabalago dukeenean, erritmo larriagoei eutsi, sufrimenduari aurpegi eman ahal izango dionean.

Bazterretik, zuhaitz tarte guztiak jauzi berdinetan betetzen ditu, pausu laburrez, erritmo geldoa, hasieratik bertatik indar oro gorde eta lanegin behar dute giharretan konzentratu soilki, zangoetan.

Besoen mugimendua ere era airos leunenean, eskuak muturretan lo bailiren zintzilikatzen.

Arnasa hestu ez dakion ahalegindu, kontrolatu, neurri jakin baten pean ezarri: hainbat urratsez hats hartu, hainbestez jaurtiki.......